Euskara atzean utzita dagoela eta erdarak gero eta nagusiago direla ohartarazi du EHE Euskal Herrian Euskaraz taldeak. Abertzaleek ere euskara bigarren lekuan utzi dutela salatu du: "Euskal nazioaren defendatzaile direla dioten arren, ez dute herri euskalduna aitortzen". Duten jarreraz gogoeta eskatu die, horrenbestez, talde politikoei. "Herri euskaldunaren eraikuntza bigarren maila batean kokatu izan da. Are okerrago, lur eremua askatzeko bidean zapaltzailearen hizkuntza erabiltzea ere oso ohiko bihurtu da".
Nazio batzarra egin du gaur, Durangon (Bizkaia), EHEk, ikasturterako helburuak zehazteko asmoarekin. Espainia eta Frantzia "helburuak betetzen" ari direla ohartarazi du taldeak ondorengo oharrean. "Frantsesa eta espainiera gure hizkuntza, bertako hizkuntza direla esatera pasatu gara". Horrek eragiten du, haren ustez, euskara ahultzea. "Nortasunari baino praktikotasunari gehiago begiratzen zaio, eta, noski, gaur egun nagusi diren erdarak irteten dira indartuak borroka horretan".
Euskarari lehentasuna ematea eta euskaldunak egungo egoeraz jabearaztea izango ditu xede EHEk ikasturte honetan. Hiru oinarri jarri dituzte: euskaraz bizitzeko hautua indartzea, hizkuntza politika burujabea garatzea eta euskarari lehentasunezko estatusa ematea.
Berria.info
No hay comentarios:
Publicar un comentario