2012/12/04

Uribekostako dorretxeak


Uribekostako dorretxeak

Jokin Beldarrainen kronika

"Eguraldiak eguraldi, autobusa bat bete zuten antolatzaileek (Aitxu, Berbots eta Egizu), Uribe Kostako dorretxe sorta bat ikusteko: Martiartu, Ondiz, Basagoiti eta Otxandategi ziren jomugak. Lauak oso desberdinak, lauak bitxiak eta, Martiartuz gain, oso ezezagunak. Martiartun, Erandiotarrei esker aukera izan genuen dorrea barrutik ikusteko. Ustekabea izan zen. Hor, Unai Aurrekoetxeak, arkeologo gidariak, azaldu zigun horma zaharrak eta berriagoak, direnak eta dirudienak. Bitxia da lau hormak zenbat esan dezaketen!

Ondizen berreskuratutako dorrea ikusi genuen, “izan” ez den dorrea, jauregia besterik ez omen zen. Basagoiti eta Otxandategi, baserriak dira orain.  Basagoitikoek harrera ona egin ziguten, txakurrek ez hainbeste, baina zaurituak ez ziren egon, batez ere txakur haserreena jabeak lotu egin baitzuen. Buelta emanda, leku guztietatik ikusi genuen. Euririk ez, baina galdera- eta iruzkin- txaparrada bota zuen jendeak: abizenak, dorre izenak, harlanduak, biztanleak, oraingo Basagoti jauna... autobusa jendez beteta, eta hitzez ere beteta.





Amaitzeko, Otxandategin Berangoko ibilaldi neurtuarekin topo egin genuen, denetariko egin daiteke gure herrietan. Hor ere kontatu ziguten bitxikeriak Domec-en jabetasuna, baserrietako gurutzeak, dorre ezkutuak eraikuntzen artean...

Unai Aurrekoetxeak emandako azalpenak oso onak, argiak eta ulergarriak, jendearen gehigarriak ere onak, eta nolanahi, edozein gairik buruz... majuak... denetariko, azken finean horretarako dira txango hauek, zerbait gehiago ikasteko eta euskaraz edozein gauza egin daitekeela erakusteko.

Ah! Ahaztu zait, tartean, betiko piskolabisa, begetarianoa, badakizue: sagarrak, laranjak, mandarinak eta haziak (pipak, kakahueteak, urrika, artoa...fruitu lehorrak) noizko txuleta? Eta amaitzeko, borobila egiteko, antolatzaileek banatu ziguten dorreri buruzko liburu eta CD bat.

 Itzela, eta euririk gabe" 

No hay comentarios: