"Euskararentzat arnasguneak aldarrikatzen diren garai honetan, Amets Arzallus bera bilakatu da arnasgune horren lekuko. Ez du beste munduko ezer esan lapurtarrak (euskaldunok euskaraz egin beharko genukeela, eta kitto), baina gaur egungo abertzaletasunaren baso diglosiko asimilatuan haize freskoa izan dira egunotako bere hitzak.
Duela 10 egun, Korrikaren amaieran, hitzaldi ederra egin zuen, esaldi bikain batekin burutua: "Herri hau euskaraz pentsatuko dugu, edo ez da izanen" (hemen bideoa).
Bigarrena asteburuan izan da, Itsasun, Enbataren 50. urteurrena ospatzen zen Aberri Egun bezperan (kronika Berrian. Oraingoan sakonago mintzatu da eta hitzaldi ederra bota zigun han geudenoi. "Badira sobera ulertzen ez ditudan gauzak" hasi zen, ondoren gehitzeko "abertzaletasunak ez du euskararen gaia serioski hartu. (...) Kontra egiteko gai gara subprefetari, poliziei, lege arrotzei, estatu bati, biri... guztiei kontra egiteko gai gara, gure buruei izan ezik". Politikariak izan ziren hitzaldiaren abiapuntu, baina abertzale guztiak zituen jomuga.
Esaldi borobil batekin ere burutu zuen hitzaldiaren lehenengo zatia: "Batzuk diote integrista bat naizela; taliban ere entzun izan dut. Ez nekien hemen koherente izateari 'talibana' esaten zitzaionik".
Ondoren, hitzaldiaren bigarren zatian, berebereak ekarri zituen gogora, izenik ere aitortzen ez zaien herria, eta analogia eta lotura politak egin zituen euskararekin eta Euskal Herriarekin."
No hay comentarios:
Publicar un comentario