2012/02/19

ETB1ek 'Sautrela' literatur saioa erretiratu egingo du, 12 urteren ostean


ETBk literaturari eskaintzen dion saio bakarra apirilean amaituko da betiko: Sautrela. Hala baieztatu du Hasier Etxeberria programako aurkezle eta zuzendariak gaur Twitterren: "Zabaltzen ari denez, bai, egia da: apirilaren 8an, hamabi urteren ostean, 351 atalarekin desagertu egingo gara".

Joselu Blanco ETBko programazio zuzendariak ondoren uberan.org-i esan dio aurten hamahiru saio egingo dituztela, eta gehiago ez ekoiztearen arrazoia ekonomikoa dela. "Baina horrek ez du esan nahi 2013an Sautrela-ren atal gehiago egingo ez denik".

Orio Produkzioak ekoizpen etxeak egin du urteotan euskarazko literatur saio hori. Hainbat lagun aritu dira gidoilari lanetan urteotan; besteak beste, Kirmen Uribe, Eider Rodriguez eta Jon Benito. Denboraldi honetan Lander Garro dabil gidoilari.

Dozenaka idazle elkarrizketatu ditu urteotan Etxeberriak Sautrela-n. Horrez gain, idazleek irakurketa hautatuak egin izan dituzte programarako.

Sautrela ez zuten joan den udazkenean emititu, diru faltagatik, Etxeberriak BERRIA adierazi zionez: "Iaz, ez zen dirua iritsi. Orain, 2012ko diruekin abiatu gara. Oraingoz, atal sorta berri bat egitera goaz". Urtarrilaren 21ean hasi zuen azken denboraldia literatur saioak, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi zenari eskainitako atal batekin.

Berria

Sautrela

No hay comentarios: